Añanako Gatz Harana Arabako Añana udalerrian dagoen barnealdeko gatzaga da, plano triangeluarreko haran estu baten hondoko 120.000 m² (gutxi gorabehera) hartzen dituena. Haranaren alderik garaienean dauden lau iturburutako ur gazia erabiltzen da gatza ekoizteko. Horretarako, gatzuna larrainetaraino garraiatzen da. Plataforma horietan, jalkitzen uzten da, eguzkiaren eta haizearen eraginez ura lurrundu dadin eta, hala, gatza atera dadin.

Gatz-ustiaketa IX. mendetik dokumentatua dago, eta, XX. mendearen erdialdean gainbehera-prozesu azkar bat izan ondoren, 2000. urtean erakundeek sustatutako plan zuzentzaile bat abiarazi zen, gatzaga modu integralean berreskuratzeko xedez. Hala, gatz-fabrika zaharra produktu turistiko eta gastronomiko garrantzitsu bihurtu da, 2010etik aurrera gatza komertzializatzen hasi baita, irabazi-asmorik gabe.

1984an Monumentu Historiko Nazional izendatu zuten, eta 1990ean Interes Kulturaleko Ondasun. 1998an UNESCOren World Heritage Tentative List zerrendan sartu zuten, eta 2002an, berriz, garrantzi internazionaleko hezeguneak babesteko Ramsar hitzarmenean sartu zuten.

Gatz Haranaren deskribapena

Batik bat, iturburuek, kanalek, putzuek, larrainek eta biltegiek osatzen dute harana. Egitura horiek denboran zehar bere horretan egon beharrean, gazgileek belaunaldiz belaunaldi garatutako ezagutza enpirikoari esker, etengabe eraldatu dira -ekoizpena areagotze aldera-.

Iturburuak

San Kristobal terrazako iturburua, Gatz Haranaren tokirik garaienean kokatua

Iturburuek berez eta etengabe gesala kanporatzen dute azaleraino, eta beraz, ez dago zulaketak egin edo ponpatu beharrik. Iturburu ugari daude gatz haranean eta inguruetan, baina lau baino ezin dira erabili, horietako emaria iraunkorra delako (2,4 bat libro segundoko) eta gazitasun-maila ia-ia asetasunera heltzen baita (210 gramo litroko).

Santa Engrazia du izena iturburu nagusiak eta, gatzagak igortzen duen ur gazi osoaren ia erdia ematen duelako da garrantzitsuena. Gainera, beste abantaila bat ere badu, haranaren behealdeko kotarik garaienean dagoenez, gesala besterik gabe heltzen baita ia ekoizpen-konplexu osoraino. Iturburu hau Muera ibaiaren sorburutik oso gertu dago eta, egun duen itxura eta historian zehar izan duena oso bestelakoak dira, XVIII. mendearen amaiera aldera uhaldi batek ingurua suntsitu, eta XX. mendeko laurogeiko urteetan egindako zaharberrikuntzak goitik behera itxuraldatu baitzuen. Obra hauek egin ziren arte, lurzoruan irekitako oin angelu zuzeneko zulo bat zen, eta egurrezko egitura batek indartzen zituen horren hormak. Soberako ura, handik metro gutxi batzuetara kokatutako beste irtenbide batean biltzen da.

Gainerako iturburu gazien (La Hontana, El Pico eta Fuentearriba) kanpoko itxura, Santa Engraziakoak mendeetan zehar izan duenaren antzekoa da. Lurzoruan irekitako, eta hondoa eta alboak iragazgaizteko, buztinez estalita dituzten forma ezberdinetako zuloak dira. Lehenengo biek, iturburu nagusiak hornitzen dituen kanal beretara igortzen dute gesala. Baina, Fuentearriba deritzonak, gatz haraneko eremu zehatz batera baino ez du ur gazia igortzen. Azken hau, jabetza pribatukoa izan da eta bereizirik funtzionatu du historikoki